Itzultzailea: Ianire Renobales
Euskal Kultura ohorezko gonbidatua izango da Smithsoniako aurtengo Folklife Jaialdian. Berria entzun genuen egun beretik, argi izan dugu ekitaldi hau euskaldunon nortasuna zabaltzeko lanabes bikaina izango dela.
AEBetako bihotzean kokatua, National Mall-ek antolatuko duen ekitaldirako hilabete eskasa falta denean, Euskal Kulturaren presentzia nolakoa izango den imagina dezakegu jada.
Ekitaldiari buruzko webgunean zenbait xehetasun irakur daitezke. Esaterako, mapa bat aurki daiteke jaialdiaren nondik norakoak gertutik ezagutzeko.
Horrez gain, ekitaldiak jasoko dituen euskal kulturaren lerro nagusiak ezagutzeko parada dago:
Frontoia: Kirolak, Musika eta Dantzak
Halaxe da, bai. Udan, National Mall-en frontoi bat egongo da. Ikuste soilaz haratago, euskal kirolak praktikatzeko abagunea ere edukiko dute bertaratzen direnek. Bestalde, erabilera ezberdinak emango dizkiote frontoiari eta euskal kulturaren sinbolo diren dantzarien zein bertsolarien emanaldiak ere eskainiko dira.
Gainera, AEBetako mendebaldeko dantza taldeek hartuko dute parte ekitaldian. Hala, AEBetan mantendu den euskal kulturaren lekuko bihurtuko dira. Pare bat adibide ikus daitezke hemen edo hemen.
Baserria: Janaria eta giroa
Euskal baserrietan emandako giro tradizionala ezagutzeko tokia egongo da jaialdian. Jakin dakigunez, baserriak euskaldunon harreman sozialen oinarri izan ziren garai batean. Familia xumeen sukaldeetatik sortutako gastronomia nazioartean zabaltzen lagundu dute baserriek. Hedapena esanguratsua izan bada ere, euskal gastronomiak ez ditu bere erroak galdu. Giro hori errekuperatu nahian, bisitariek txoko batean murgiltzeko aukera edukiko dute. Hala, euskal sukaldearen sinbolo diren zenbait jakien berri edukiko dute. Esaterako, Idiazabal gazta, Añanako gatza, euskal piperrak etab.
Portua: Itsasoa eta industria
Mendeetan zehar itsasoarekin izandako lotura estua ere egongo da presente jaialdian. Izan ere, euskaldunak trebeak izan ziren itsasoratzean, eta euren aurkikuntzak berebizikoak izan zen merkataritzarako itsas ibilbideak sortzerako eta mundu osoko herrialdeekin konektatzeko garaian.
Portu haietatik irten ziren baleak eta bakailaoak harrapatzera irten ziren marinelak, Europarekin merkataritza harremanak sortu zituztenak eta Ipar Ameriketako kostaldera ailegatu zirenak.
Teknologia berrien eskutik, itsasoarekiko tradizioa jasoko da Folklife-an. Gainera, sarri ahaztu egin ohi den baina bereziko garrantzia izan zuen beste ogibide bat berreskuratuko da jaialdian: saregileen lana.
Gure lagun den Euskal Baleontzi-ak ondo baino hobeto jaso du egundaino jaialdiak aipatu dituen ekintzen laburpena. Estekan xehetasun gehiago topa daitezke eta jaialdiari buruzko nondik norakoak ezagutu.
Euskal Baleontziak aipatu ditugula aprobetxatuz, une egokia da 2017ko udari begira prestatzen ari diren proiektu polit bat bergogoratzeko: Ipar Ameriketako kostaldea zeharkatuko duen itsas-ibilbidea, antzinako euskal baleontzien urratsak jarraituko dituena. Duela urtebete hitz egin genizuen proiektu honi buruz eta une aproposa da proiektua berreskuratzeko.
Hurrengo egunetan zehar, jaialdia inauguratzeko eguna gerturatu ahala, xehetasun gehiagoren berri izango dugu. Programa osoa ikusteko irrikan gaude; egundaino antzeman ditugun hainbat “hutsune” beteko dituzten zain. Adibide bat ematearren, Nafarroako ardoen presentzia. Bai Nafarroako penintsular motatakoak eta bai Nafarroako kontinentalak. Hala eta guztiz ere, “La Modelo” garagardoen presentziak argi uzten du nafarrotarren aztarna ere izango dela jaialdiko edarien artean.
Last Updated on Abe 21, 2020 by About Basque Country