Gauza gutxik ematen dute gehiago atentzioa gure herrialde txiki honetaz, duen proiekzio gaitasun handiak baino. Bere historian izan duen konstante horri esker, komunitate txiki batek, lur txiro batean finkatuak (burdina erauzi zen urte bakan batzuetan izan ezik), eragiteko ahalmen eta presentzia askoz handiagoa izan du, zenbakien eta populazioaren logikak ezarritakoa baino.
Munduak gutaz duen ikuspegian, nahasturik agertzen dira jakin-mina, mespretxua, sinpatia, antipatia, harridura, konplizitatea, beldurra, mirespena, estereotipoak, ezezagutza eta aurrekontzeptuak. Segur aski, edozein gizartek sentituko ditu horrelakoak «besteek» «gutaz» esaten dutena entzutean.
Nolanahi ere, euskaldunon kasuan badira «kasu berezi» bihurtzen gaituzten zenbait jakingarri. Identitate nazional bat izatea, Herri bat dagoelako eta Hizkuntza bat duelako, aspaldi baino aspaldiagokoa; 150 urte baino gehiago dirauen «gatazka» bat egotea, azken hogei urteetan kutsu dramatikoa hartu duena; bi Estatutan banatuta egotea, modu desberdinean baina erabakimen handiz ukatzen diotela gizarteari bere patua erabakitzeko eskubidea; euskaldunen hein esanguratsu batek bere etorkizunari buruz erabakitzeko duen borondatea; gizarte garatu bat sortzeko duen ahalmena, gai izanik prestakuntza eta ekimena beste baliabiderik ez duen lurralde hau, nazioarteko erreferente ekonomiko eta industrial bihurtzeko; munduko hainbat txokoren historian izan duen eragin neurriz gaindikoa, uneko euskal populazioa kontuan hartuz…
Elementu horiek guztiak direla eta, oso eragin mediatiko garrantzizkoa daukagu. Munduko txoko guztietan hitz egiten da Pirinioen inguruan bizi den Herri txiki honetaz. Egia da, hala ere, idazten dutena askotan hain egoten dela urrun benetan gertatzen denetik, ezen dirudien beste errealitate bati buruz ez ezik, beste mundu bati buruz ere ari direla.
Blog honek gutxi hitz egingo du bere kabuz (ondorengo oharra: bai, azkenean ezin izan dut eragotzi; saiatuko naiz iruzkin bat izan dezaten, iruzkin pertsonal bat, tratatutako gaiaz. Barkatuko didazuela espero dut); munduak nola ikusten gaituen erakustea du helburu, edo, hobeto esanda, nazioarteko hedabideek gure Herrialdeko egitateak nola deskribatzen dituzten jasotzea. Blog hau sortu zen egileak uste duelako euskaldunak (gizartea, erakundeak, enpresak) ez direla jabetzen zenbat hitz egiten duen munduak «guri» buruz. Gainera, askotan, ematen dituzten informazioak ez dira lehen eskukoak izaten, hedabide handien lenteen bidez begiratutakoak baizik, agentzia informatibo espainiar eta frantsesen begietatik alegia, edo gobernuek berek igorritako informazioak. Hori, kontuan izan gabe Euskal Herria «lehen eskutik» ezagutzera etortzen diren kazetari gehientsuek ekarri ohi dituzten aurreiritziak.
Blogean apenas izango dute presentziarik Estatu bakoitzaren administrazioaren pean dauden lurraldeei buruz mintzo diren hedabide «espainiarrek» eta «frantziarrek», ez baitzaizkigu interesatzen. Gainera, aitortu behar da Espainiako Erreinuko eta Frantziako Errepublikako hedabide askotan euskal gai jakin batzuei buruz argitaratzen dituzten iruzkin edo «informazioek» horiek idazten dituztenen azterketa psikologiko sakona eskatuko luketela.